ESKk, gainerako eragile sindikalekin batera, hainbat hamarkada daramatza pribatizazioen aurka borrokan, kudeaketa publikoko Osakidetzaren alde eta gure Lehen Arretaren ahalduntze, duintze eta zentraltasunaren alde, Osasun Sistema Publiko, Unibertsal eta Demokratiko baten barruan.
Osasun-zentroetako arreta-ordutegiak murriztea, EAGak ixtea, aurrez aurreko arretan denbora murriztea, profesional medikorik gabeko kontsultak eta zerbitzu-itxierak, eta prozesu konplexuenak ospitaleetan zentralizatzea eguneroko ogia izan dira eta izaten jarraitzen dira. Murrizketa horiek Osakidetzak herritarrei eman behar dien kalitatea eta arreta kaltetzen dute. Azkeneko gertaera Donostialdeko OSIko krisiarekin eta zerbitzuburuen protestarekin ari gara bizitzen.
Baina ez gaitezen engainatu, Osakidetzako kudeatzaileek sistematikoki aplikatu dituzte EAJk bere bazkidearen, PSEren, bizikidetzarekin agindutako murrizketa- eta pribatizazio-politikak; politika horiek Zentroetan aplikatu ahal izateko, zerbitzuburuez baliatu dira, eta jauntxo-sistema baten berezko botereak eman dizkiete, baliabide materialak eta giza baliabideak haien gustura erabiliz. Adibide argia da ESKk salatutako plazen esleipenarako pairatu den bezero- sistema.
Sindikatuok borrokatu gara administrazio inposatzaile eta autoritario honen aurka, langileekin, sindikatuekin, profesionalekin eta herritarrekin elkarrizketa, partaidetza eta negoziazioa sistematikoki ukatu duena.
Horregatik, ESKk ahalik eta mobilizazio zabalenak bultzatzen jarraituko du, ahalik eta herri-mugimendu, sindikatu eta Osakidetzako langile gehien bilduko dituztenak, gure Osasun Publikoaren alde eta Osakidetzak ezartzen dituen desegite-politiken aurka.