«Duela urte askotatik dago horrela ezarria, eta ez dut uste aldatuko denik. Azken finean, diru kontua da, besterik ez: Europako beste herrialdeetan baino gutxiago ordaintzen zaie hemen medikuei, eta, trukean, baimena ematen zaie pribatuan ere lan egiteko. Hori da gakoa: dirua», Jon Pellejero abokatua da Gipuzkoako Medikuen Elkargoan, eta, halaxe, azaldu du legezkoa dela egun Osakidetzan medikuek arlo pribatuan eta publikoan jardutea. Baina aldaketa eskeak badira.
Elkarrekin Podemosek proposamen bat eraman du Eusko Legebiltzarrera, zeinaren bidez medikuek sare publikoan jardutea lehenesteko bideak eskatu baititu, esklusibotasuna sustatzeko. Kontrara, Nafarroan bestelakoa da egoera: esklusibotasuna kobratzen bada, sendagileek gaur egun ez dute biderik sare pribatuan ere aritzeko, eta Medikuen Sindikatuak mahai gainean jarri dituen eskeetako bat da kobratzen duten diru hori kendu gabe profesionalei sare pribatuan jarduteko atea irekitzeko; alegia, nolabait ere eskatu dute Osasunbidera eramateko Osakidetzako egoera. Grebarako deia egina du otsailaren 1erako, horren harira egina da eskea, eta administrazioa ez da oraingoz kontra azaldu.
Erretiroa hartutako medikua da Lazaro Elizalde, eta Nafarroan osasun publikoaren alde eratua duten plataformako eleduna. Osasunbidean, egun «osagarri bat» kobratzen dute mediku gehienek esklusibotasunarengatik, eta gutxiengoa dira sare pribatuan ere lan egiteagatik horri uko egiten diotenak. Egoera horrek bere horretan jarraitzea nahi dute Elizaldek eta plataformako gainerako kideek. Soldatak pagatzeko modua «eraberritu» egin behar dela aitortu du, langileak «erakartzera» egin behar dela, baina bide horretan langileen «fideltasuna» sustatu eta saritu behar dela pentsatzen du. Gainera, osasun sare pribaturako bidea errazten bada, ate okerrak ireki daitezkeen uste argia du.
Sare publikoaren motorra
«Oinarri gisa pentsatzen dugu pribatizazioa ez dela mesedegarria», nabarmendu du Elizaldek. Jendearen «osasun beharrek» izan behar dute motorra: «Jendearen beharrekin ez da negoziorik egin behar». Gainerakoan, saihestu beharreko tentazioak ager daitezke. «Profesional berak interesak baldin baditu eremu publikoan eta pribatuan, lehentasuna eman diezaioke publikoan dagoenean bere kontsulta pribatutik datorrenari», esan du, eta azaldu ez duela ezer asmatu: «Hori gertatu da publikotasunari eutsi ez zaion erkidegoetan: denok ezagutu ditugu halako praktikak». Hain justu, lobby antzekoak eratuta ikusi ditu maizegi, erasokorrak. «Zu ebakuntza gela batean bazaude, egin ditzakezu bost ebakuntza edo hiru; bi bakarrik egiten badituzu, besteak geratzen dira eremu pribatuarentzat. Hori ondo kudeatzen ez bada, kontrolatzen ez bada, ahuldu egiten da sistema publikoa».
Erretiroa hartutako medikua da Juan Luis Uria ere, osasun publikoaren aldeko Osalde elkarteko eleduna. Gogora ekarri du Gabriel Inclan Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu zela egon zen auzibide baten harira heldu zela aldaketa Osakidetzara. Horrekin, «esklusibotasuna» hutsalduta geratu zen: «denentzat». Ordutik gertatu dena larria dela uste du; ez ate hori ireki zelako bakarrik, ireki zen erarengatik ere bai. «Ez dago inolako kontrolik», salatu du. «Galdeiozu Gotzone Sagarduiri [Osasun sailburua], eta ez daki zenbat jende ari den lanean publikoan eta pribatuan».
Osasun publikoan ardura postuak dituzten langileek arlo bietan jardutea ere libre dutela esan du, eta egoera «zitalak» sortzen dituela horrek. «Sare pribatuan gehien dauden medikuak dira arlo publikoan itxaron zerrenda luzeenak dituztenak. Jakina da hori: datuak hor dira. Traumatologian, oftalmologian, kirurgietan… Zer kontrol metodo jarriko duzu? Ez dute batere». Egoerak sortzen ditu desoreka larriak ere. «Bada jendea 13:00etan edo 14:00etan erietxe publikoa utzi eta pribatura doana, eta hori mundu guztiak daki, zerbitzuburu guztiek, kudeatzaile guztiek…». Elkarrekin Podemosek egin duen proposamenaren alde da Osalde. Lehenetsi beharreko aldaketen artean, «erregistro» bat eratzea da garrantzitsuenetarikoa, sare pribatuan ari diren langileena: «Gainerakoan, lantaldearen kalitate kontrola ezinezkoa da». Badute beste eske bat ere «negoziatu ezina» dena: «Zerbitzuburuek, eta Osakidetzan ardurak dituzten guztiek ezin dute lanik egin arlo pribatuan».
Kalapita Nafarroan
Medikuen esklusibotasunaren auziak kalapita sortu du Nafarroan. Atzo, Maria Txibite lehendakaria prest agertu zen Medikuen Sindikatuaren eskaerei men egiteko. Esklusibotasunaren auziaz galdetuta, esan zuen negoziazioetan «aztergai» dutela eskaera hori ere, baina soilik onartuko dutela «greba bertan behera uzteko balio badu; bestela ez luke zentzu handirik izanen». Azaldu zuenez, gaur-gaurkoz Nafarroa eta Asturias dira sare publikoko medikuen jardun esklusiboa ezarria duten erkidego bakarrak. «Medikuen eskasia agerikoa den garaiotan, erkidegoen arteko lehiakortasun kontua da».
Sindikatu Medikoari men egitea, baina, garesti atera dakioke Txibiteri. Oraingoz, Navarra Suma izan da esklusibotasuna kentzeari baiezkoa eman dion talde bakarra. Geroa Baik ez dio atea erabat itxi aukera horri, baina adierazi du sindikatu batekin hitzartutako proposamen bat ez dela «halako auzi garrantzitsu bati heltzeko modu egokiena», eta «analisia eta gogoeta» eskatu ditu. EH Bilduk hitz egin du gogorren aldaketaren kontra: «Osasun pribatuari mesede eginen dio: ez du balio osasun publikoa hobetzeko, ezta egungo arazoak konpontzeko ere, eta ondorio arriskutsuak izanen lituzke». Antzeko iritzia agertu du ELA sindikatuak ere: «Osasunbidearen pribatizazioan eta zerbitzu publikoaren ahultzean sakontzea ekarriko luke. Esklusibotasuna ezabatzea Medikuen Sindikatuaren aldarrikapenetako bat da. Sindikatu hori ez zen inoiz UPNk eta PSNk egindako murrizketen aurka agertu (besteak beste, sukaldeen pribatizazioa), eta lan deialdietatik euskara baldintza gisa ezabatzea eskatu zuen».