Nor gara?
Osasun-zentroak gara, hurbilak, irisgarriak, gizarte-zerbitzu izateko bokazioa dutenak. Joan beharreko lekua baino gehiago gara.
ARLO SANITARIOKO PROFESIONALAK GARA, ETA PERTSONEN BIZITZAREN PARTE. Haien osasun-maila hobetzen laguntzeko gaude; gaixotu daitezela ekiditeko; behar dutenean, sendatzeko; zaintzeko eta, behar denean, dauzkaten mugak murrizteko; eta bizitzaren amaieran duintasunez hiltzen laguntzeko
Zergatik egiten dugu dei?
Izan ere, lehen mailako arretan (LMA) HERRITARREI EZIN DIEGULAKO ESKAINI NAHI GENUKEEN KALITATE-MAILAKO ARRETA
Sistema sanitarioaren lehen arreta-maila gara, eta hainbat ekintza garatzen ditugu, ospitale-mailakoekin koordinatuta, pertsonen osasuna hobetzea dutenak xede. Hau da, gure alea jartzen dugu zerbitzu sanitario publikoan, herritarren bizi-itxaropena luzatzeko, eta osasun-baldintza hobetan izan dadin. Gainera, LMAn apustu sendoa egin duten herrialdeetan egindako ikerketen arabera, gure ekarpenak, morbilitateari eta hilkortasunari dagokienez, sistema sanitarioaren beraren jasangarritasuna handitzen du, baliabide eskuragarriak era efizienteagoan erabiltzen direlako. Baina…
LEHEN MAILAKO ARRETA GAIZKI DOA.
Arazo larriak genituen, COVID-19aren pandemiak eragindako krisi sanitarioaren ondorioz, okerrera besterik egin ez dutenak, eta behea jo dugu:
Osasun-zentroen funtzionamendua, lehen ere nabarmen eskasa zena, desegituratzen joan da pandemiaren olatuak iritsi ahala. Deseskalatzea hasi ondoren, premiazko egoeragatik bultzatutako zerbitzuak berrantolatzen saiatu dira, baina modu zatikatuan, baliabide nahikorik gabe eta egunean eguneko zereginera bideratuta, arreta-eredu integral, luzetarako eta koordinatu batean egin beharko zatekeenaz bestela.
Osasun Saileko gure arduradunek diotenaren kontrara, arazoa ez da telefono bidezko kontsulten kopurua versus aurrez aurreko kontsulten kopurua; arazoa da, saturazio-mailagatik, pertsona bakoitzari ezin diogula eman arreta on (garaiz eta lekuz), seguru eta beharren araberakoa. Zaila da ulertzea zergatik gauden egoera horretan, baina, zalantzarik gabe, ezin aproposagoa izaten ari da aseguramendu pribatua sustatzeko.
Ez gatoz hona kexatzera, egoera hau ezagutaraztera baizik, ez dugu izan nahi gertatzen ari denaren konplize. Datuek diote; egoera oso larri batean gaude, eta horrek herritarren osasunerako eskubidea murrizten du, LMA hainbeste ahuldu denez. Horren ondorioz, Osasuneko Lurraldearteko Kontseiluak deialdi bat egin du bilera monografiko baterako, egungo egoera iraultzeko.
Baina LMAk okerrera egiten jarrai ez dezan, GUZTIEN LAGUNTZA BEHAR DUGU. Behar dugu administrazioak hitz ematea gure LMAk behar duen estrategia ezarriko duela, eta horretarako aurrekontu egokituak zuzkituko dituela.
Behar dugu ospitaleko espezialitateek laguntzea, arreta-maila bi-bien lanaren onerako izango den arreta egiatan koordinatua eskaini ahal izateko, batak bestea gutxietsi edo lanez ito gabe. Eta, nola ez, gure jendearen babesa ere behar dugu, arreta ahal dugun ondoen ematen diogun horrena. Zerbitzu sanitarioen aurrean portaera kontsumista izatea ez da biztanleriaren osasun-premiei egoki aurre egiteko modu solidarioa.
Zer proposatzen dugu?
Epe laburrean, ezinbestekoa ikusten dugu honako jarduera hauei ekitea:
1.- LMAko langileak kontratatzera baliabide asko bideratzea, aldez aurreko azterketa bat eginez egungo defizitari amaiera emateko.
2.- LMA garatzeko proiektu bat, etorkizuneko ikuspegiarekin, hura izan dadin gure lanaren oinarri eta bilakaeraren helburu, eta abian jartzeko behar den aurrekontu-partidaz hornitzea.
3.- Kudeaketa aldatzea, osasun-zentroen autonomia bultzatuz aipatu esparru estrategiko horren barnean. Zentro bakoitzak egoera berezi eta zehatz bat du, hartzen diren erabakiak baldintzatzen dituena. Orain arte, ESIek ez diete aukerarik eman kudeaketan ZENTROei beren lantaldeen lehentasunak zehazteko. Ezinbestekoa da osasun-eremu bakoitzeko zuzendaritza-taldeak bere helburuak, konpromisoak eta horretarako behar dituen baliabideak ezartzea. ESIek inposaketaren bidez kudeatzen jarraitzen dute, eta, ondorioz, LMAko Zuzendariordetzak bultzatutako proiektuetako batzuk ezarri gabe geratu dira, edo ezarpen hutsalak egin dira. Agenda bat inposatzea oso erraza da; zaila dena da langileek hura bere egitea lanerako tresna egoki deritzotelako.
4.- Zentro batzuetan martxan jarritako proiektuak edo neurriak, eraginkorrak eta berritzaileak direla frogatu bada, unitate guztietan jar daitezela martxan.
5.- Medikalizazioa gutxitzeko ekintzak ezartzea. Osasun-zentroetatik eta ospitaleetatik kanpo ere egiten da lan osasuna hobetzeko. Sistema sanitarioarekiko independenteak diren neurri asko hartu daitezke, eta horiek martxan jarri behar dira, eraginkorragoak direlako eta herritarrei autonomia handiagoa ematen dietelako osasunari dagokionez.
6.- Gure lanak gizartearentzat eta sistema sanitarioarentzat berarentzat duen balioa agerian uztea. LMAk dagoen eremu ilunetik irten behar du, eta dagokion leku publikoa bete, duen garrantziagatik eta onura sozial eta sanitarioagatik.
7.- Langile-politika bat gaitzea gure arreta-mailaren ezaugarrien arabera, LMA ahalmen osoan jardun ahal izateko, den konplexuan, komunitate-alderdiak barne.
.- Berma diezaiela herritarrei zerbitzuetarako sarbidearen eskubidea eta profesional berberekin
luzaroan jarraitzekoa.
.- Berma dezala egin beharreko lanean kalitate-maila jakin bat, lanbide-estamentu bakoitzari prestakuntza beharrezko eta berariazkoa eskaintzeaz arduratuz.
.- Zentroetan berrikuntza bermatzea, ikerketari bultzada irmoa emanez.
.- Langile finkoak eta behin-behinekoak zaindu eta defendatzea, lan-baldintza egokiak ezarriz.